Nondik datorkizue trikitirako zaletasuna?
I: Bioi ere etxetik datorkigula esango nuke. Nire kasuan gure aita zenak soinu handia jotzen zuen eta beti mundu horretan zebilenez, azkenean nahi gabe ere zerbait irteten da.
G: Niri ere etxetik. Aitonak ere soinua beti jo du eta etxean soinua ez bada panderoa denok jo dugu zerbait.
Noiz hasi zineten elkarrekin jotzen? Nolatan?
G: Ez dakit ziur nola izan zen. Bakoitzak bere aldetik jotzen genuen, baina behin nirekin jotzeko deitu nion eta Arratera joan ginen grabatzera. Eta ordutik gaur arte.
I: Bai, 10 bat urte izango dira, bertako trikitilarien afari baten ostean Gariren aitak esan zidan semea jotzen hasi zela eta deitzeko esan nion.
Abestiak sortzea asko kostatzen al zaizue?
G: Egunak izaten dira. Batzutan ez da ezer ateratzen, eta beste batzutan ateratzen den hori idatzi, aldatu eta gustatuz gero, ba aurrera. Baina horretara bereziki ez gara jartzen.
Noizbait pentsatu al duzue uztea? Eta bakoitzak bere bidea egitea?
G: Medikuak juerga galerazitakoan (barrez)
I: Oraingoz behintzat ez, askotan nekatzea ere posible da, baina oraingoz ez dugu ikusten.
Astean zehar lan eginda eta asteburua kanpoan pasatuta, geratzen al zaizue ezertako denborarik?
I: Jendeak uste ez arren denbora asko kentzen du, bai. Gainera ezorduetan ibiltzen gara askotan, eta hemengo lanak egiteko ere ez zait astirik geratzen. Loari kentzen zaio azkenean.
Gogoan duzuen plazaren bat?
G: Santa Isabelak, niri gehien horiek gustatzen zaizkit.
I: Plaza bakoitzak du bere gauza, baina niri herrikoa ere gustatzen zait, Euskal Jaietakoa. Santa Isabelak ere bai, noski, jendeak dantza egiten duen toki gutxitakoa da bera. Zarauzko Euskal Jaiak… Jendearen harrera oso ona izan ohi da eta parte hartzen du, baina toki bakoitzekoak ezberdinak dira. Bizkaiko puntatik hasi, Nafarroako herri txikiak, Iparraldea… giro ezberdinak dira eta baita plazak ere.
Oraindik jo ez eta gustura joko zenuketen tokiren bat?
G: Nik ez daukat bereziki esango nukeen tokirik. Santa Isabeletan jotzeko ilusioa nuen, jo dugu, eta gustura nago.
I: Ilusio berezirik ez, deitzen ez badigute entzun nahi ez gaituztelako da eta maite gaituzten tokietan jotzen dugu gustura.
Nola ikusten duzue trikitia Urretxu-Zumarragan?
G: Hemen ere bazaudete batzuk, ezta? Ondo, jende asko ari da, gazte mordoa ari da jotzen. Gure kinta inguruan ere zortzi hamar izango dira. Jende asko zatozte.
I: Etorkizunerako jende asko ikusten dut, baina saiatzen diren neurrian izango dira. Sakrifizioa da, baina egin beharrekoa. Etorkizun ona ikusten dut, Euskalerri mailan ezagunak diren Edurne Iturbe, Elortza anaiak… ditugu hemen, eta erreferenteak dira. Dantzarako falta da agian jendea, baina hori ere aldatzen ari omen da.
Trikiti soila ala konjuntoan duzue gustukoago? Hala izatekotan, ze instrumenturekin?
G: Gustatuko litzaidake niri konjunto bezala ibiltzea ere, baditut buruan gauzak, baina jende asko, tokia, dirua, grabatzeko aukera onak… gauza asko sartzen dira jokoan. Orain ez da lehen bezain erraza, disketxeek gutxi irabazten dute eta apustu egitea kostatzen zaie. Niri gustatuko litzaidake saiatzea, hala ere, esaterako, haizeak, perkusioa, gitarrak… baina bikotekoa utzi gabe.
I: Niri bikotea gustatzen zait, soinua eta panderoa. Besteak ere gustatzen zaizkit, baina arrakasta ere jaisten ari da eta ez daukat oso argi apustu ona ote den.
Zer iruditzen zaizkizue Kepa Junkera, Gose, Trikizio eta horrelako proposamenak?
I: Talde bakoitzak bere izaera du eta bere aportazioa egiten du. Dena den horiek maila handiko taldeak dira eta guk egingo genukeenetik urruti dago beraiek eskaintzeko gai direna.
G: Teknika handiko trikitilariak eta musikariak dira. Tradizionala gustuko dugu, baina bide hori ere hor dago.
Zein da zuengan eragin handiena izan duen trikitilaria?
G: Etxekoak eta gertukoak, aitona, Elortza anaiak, Tapia eta ere bai… denetatik piska bat.
I: Nik aitak jartzen zuena entzuten nuen kotxean, eta ondoren irakasleak, Zabale anaiak eta… baina batik bat kalean, herrian ezagutu ditugunak, Elortza anaiak eta.
Iñaki, herrian hain ezaguna izanda klaseak emateko zer moduz moldatzen zara?
I: Ez dakit zenbateraino naizen ezaguna. Orain arte izan ez dudan esperientzia da, eta kasu batzuk kenduta oso ondo. Kalean ikustea kostatzen den arren, moldatzen gara. Jende jatorra dago.
Gustatuko al litzaizueke honetatik bizitzea?
G: Ez, ordu asko eskatzen ditu eta parranda gehiegi. Horrekin nazkatzera iristea ez da ona.
I: Betebehar bihurtzen denean gauzarik gustukoena ere… gainera ez dakit zenbateraino bizi den jendea honetatik.
Gari, trikitilarietan beti soinujolearen izena jartzen da aurrena eta atzetik, panderistarena. Ez al da baztertzaile samarra?
G: Beti horrela ezagutu dugu, baina ez dakit zergatik izango den. Melodia soinuak eramaten duelako?
Trikitixa jotzera joanda gertatutako anekdotaren bat izango duzue…
I: Soinuak gauza asko eman dizkigu: lagunak, bidaiatzeko aukera… Ameriketan izan gara, EEBBetan, holandan… Pete Cenarrusa ezagutu dugu Boisen… Azpeitin Andoniren despedida egin genuenean ni komertzial bezala nebilen enpresaz enpresa, eta eskandalo handi samarra sortu genuen. Astelehen goizean enpresa batera joan eta hango batekin topo egin nuen. “Hemen ere bai?” esan zidan, baina harremana asko erreztu zuen.
G: EEBBra joan ginenean Land Rover batean soinu jotzen ari ginela atea ireki zitzaion Iñakiri eta ia errepidean bukatu zuen.








Orain dela 5 urte hasi zen ikastola lehiaketa honetan parte hartzen eta aurten LHko 6.C mailakoek saria lortu dute. Lehiaketa honen aitzakiarekin izugarrizko astindua ematen zaio irakurketari (entonazioa , ebaketa, abiadura).