josu-aztiriaLizeotik irtendakoan Humanitate eta Enpresa karrera burutu zenuen. Honek ba al du zerikusirik egiten duzun lanarekin?

Bai, pixka bat bai, izan ere, Humanitate Enpresa karreran ikasten dena kudeaketarekin eta antolaketarekin lotuta dago eta nik egiten dudan lana ere ildo horretatik doa. Gainera, hau ikastea ondo etorri zait jendearekin harremanak izateko
Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatutako Kilometroak 02-an koordinazio lanetan ibili zinen. Zein izan zen zure eginkizuna?
Koordinazio lanak baino gehiago, ekonomiarekin zerikusia zuten lanak egitea tokatu zitzaidan: babesleak lortu, diru laguntzak lortu, finantziazio iturri berriak. Izan ere, Kilometroak dirua lortzeko dira. Azken finean, antolaketan denetik egitea egokitzen zaizu.
Zer aportatu zizuten Kilometroek?
Nire lehenengo lana izan zen karrera bukatu ondoren. Batez ere, esperientzia hartzeko eta jendearekin harremanak izateko balio izan zidan.
Euskaltegian zuzendaritzan ibili zinen. Kontatu zer nolako esperientzia izan zen.
Hiru urte izan ziren eta nahiko gogorra izan zen hasieran, gaztea nintzelako eta ez nuelako esperientzia handirik, baina hiru urte hauek oso ondo etorri zitzaizkidan gerora begira.
Jakin dugu Elhuyar sail bateko koordinazio lanetan ari zarela lanean. Zertan datza zure lana?
Elhuyar taldeak bi arlo ditu, eta nik hizkuntza sailean egiten dut lan, konkretuki, ikerketan. Bertan, itzulpen automatikoak, elebila (euskarazko bilatzailea)… egiten ditugu. Horretarako, euskararekin lotuta dauden teknologiak ikertzen ditugu eta niri sail hori koordinatzea, diru laguntzak lortzea eta talde lana aurrera eramatea tokatzen zait.
Zintzo Mintzoko partaide ere bazara. Zer egiten du Zintzo Mintzo taldeak?
Zintzo Mintzoren helburua Urretxu-Zumarragan euskararen erabilera areagotzea da. Hori lortzeko proiektu desberdinak bideratzen ditugu: Otamotz aldizkaria daukagu, Goierriko Hitza sortzen lagundu genuen, Otamotz.com weborria sortu genuen, aisialdirako gazte lokala ireki genuen, gaztetxoen bertso eskola ere jarri genuen martxan. Alde batetik, euskararekin lotutako proiektuak bultzatzen saiatu gara eta, bestetik, sentsibilizazio lana egiten dugu jendea euskara erabiltzearen beharraz konsziente izateko.
Ez da denbora asko OTAMOTZ.COM webgunea ireki duzuenetik. Zertan datza orri horrek?
Webgune honek Urretxu-Zumarragako ataria izan nahi du. Albisteak egunero berritzen dira pisu handia baitute. Horrez gain, informazioa, telefono interesgarriak… Gainera, momentu honetan, garrantzi handia ematen diogu multimediari eta astean pare bat bideo edo igotzen ditugu, etorkizunean gehienbat webgunea oinarrituko dela uste dugu-eta.
Ikusten dugu euskarak asko arduratzen zaituela. Nola ikusten duzu egoera?
Batzuetan erdi beteta ikusten dut botila, besteetan, berriz, erdi hutsik. Hobetu da baina hutsune asko daude oraindik. Lan asko dago egiteko, beraz, ezin gara lasaitu. Izan ere, mundua doan moduan, hizkuntza txikien kontra doa. Beste hizkuntzak euskara baino indartsuagoak izango dira beti (gaztelania, ingelesa) eta horregatik egin behar da hainbeste lan.
Zeintzuk dira etorkizunerako dituzun helburuak euskararekiko?
Herri mailan, Zintzo Mintzo eta Otamotzen jarraitu nahiko nuke baina azken urteetan lan asko egin dut eta atseden apur bat ere ez litzaidake gaizki etorriko beste gauza batzuk egiteko. Hortaz, ondo etorriko litzateke jende gehiago biltzea.
Nola ikusten duzu euskararen egoera Urretxu-Zumarragan? Eta Euskadi mailan?Ba al dago zerbait hobetzeko?
Asko egin da, baina asko dago hobetzeko. Datuak nahiko kezkagarriak dira: %50ak badaki euskaraz, baina erabili %15ak bakarrik egiten du. Beraz, erronka euskararen erabilera da, batez ere, gazteen artean. Hori lortzeko gazteentzat erakargarriak diren zerbitzuak eskaini behar dira.
Lizeon egon zineko zein oroitzapen dituzu?
Nahiko oraitzapen onak ditut. Batez ere, ikastolatik Lizeora egin nuen aldaketa gogoratzen dut, handi samarra izan baitzen. Lagun giroa ere gogoan dut eta gainera orduan irakasleak nituen batzuk, lagunak bihurtu zaizkit.


GAZTELANIAZKO LABURPENA

Josu Aztiria estudió en el Lizeo y, tras acabar la carrera de Humanidades y Empresa, colaboró en la organización del Kilometroak 2002 en temas de economía. Hoy en día, trabaja la fundación Elhuyar y, además, es miembro del grupo Zintzo Mintzo, con el objetivo de aumentar el uso del Euskara, idioma por el que muestra gran interés y preocupación. Finalmente hay que decir que tiene buenos recuerdos del Lizeo, donde hizo muchos amigos con los que mantiene su amistad..