Zer moduzko bizimodua darmazu jubilatu ondoren? Lizeoaren faltarik antzematen al duzu?
Bizimodu askoz lasaiagoa lehen baino. Lanera goizero etorri behar ez izateak lasaitasuna ematen du, dudarik ez. Horrek ez du esan nahi Lizeoaren faltarik antzematen ez dudanik. Urte asko pasatu ditut Lizeoan eta bertan oso gustura ibili naiz. Normala da nolabaiteko hutsunea sentitzea.
Zertan pasatzen duzu denbora? Hobbyren bat izango duzu, ala?
Orain arte beste zeregin batzuk izan baditut ere, saiatzen naiz. Mendira joaten naiz, betidanik gustatu zait. Horrez gain frantsesa berreskuratzeko asmoarekin jubilatu naiz; ez naiz hasi oraindik, baina hor daukat zain.
Denboran atzera eginez, goazen zure gazte garaira. Nola gogoratzen dituzu zure ikasle garaiak?
Ikasle garaiez nahiko oroitzapen ona daukat. Batxilergoa Donostian egin nuen eta unibertsitate ikasketak ere, Donostian egin nituen lehen bi urteak, Deustuko Fakultatean. “Filosofía y Letras” deitzen zen karrera egiten hasi nintzen. Ondoren, “Historia y Geografía” espezialitatea egitera pasatu nintzen, eta Bilbora joan behar izan nuen horretarako.
Zer dela eta erabaki zenuen hori ikastea, eta zer moduzko ikaslea zinen?
Betidanik gustatu izan zait Historia eta Geografia. Geografia soilik ikasteko aukerarik ez nuen hemen, baina Historia ere betidanik gustatu zait. Ahaleginaren ondorioz ikasketak ongi atera zitzaizkidala uste dut, baina ahalegin asko eginda.
Behin ikasketak bukatu eta lan munduan sartuta, nola gogoratzen duzu Lizeoan hasi zinen garaia? Gogoratzen al dituzu lehen klaseak? Kontatu piska bat nola hasi zinen hemen.
Nire lehen lana Arrasateko ikastolan izan zen. Eskoriatzako Magisteritza eskolan ere eman nituen klaseak, baina bizimodu nahiko gogorra zen konbinaketa hori eta magisteritzakoa utzi eta Ikastolan jarraitu nuen. 1986an Arrasatetik honako aldaketa egin nuen, goieritar batekin ezkondu nintzen eta; Ordutik, 23 urtetan Lizeoan jardun dut. Batxiilergo berria sartu zenetik ia osorik Historia eta Ekonomia ematera dedikatu nintzen. Tarteka Gizarte eta Gizatasuna ere eman ditut DBHn.
Hasierako urte haietatik aldaketa asko izan al dira Lizeoan? Asko aldatu al da ikasleria? Eta irakaskuntza-metodoak?
Bai, asko aldatu da. Garai hartan 14 urterekin Lizeora zetozen guztiak Batxilergo bidea hartuta zetozenak ziren, eta bide hori hartu nahi ez zutenek Lanbide Heziketaren bidea hartzen zuten. Oso ezberdina zen 14 urterekin Lizeora zetorren jendea: gaur egun ez daukate argi 16 urterekin zein bide hartuko duten. Irakaskuntza-metodoetan ere garai haietan testu-liburuez haratago zenbait osagarri bai, baina ez zegoen gauza handirik. Informatika mundua hutsean zegoen, Interneta, multimedia…
Zer moduzko harremana izan duzu lankide eta ikasleekin? Mantentzen al duzu?
Lankideekin oso harreman ona izan dut. Ikasleekin oso gutxitan haserretu naiz: haserretu naiz, ez dut esango inoiz haserretu ez naizekin, baina nire haserreak azkar pasatzen dira. Harremanetan oso gustura sentitu naiz bai lankidekin eta bai ikasleekin.
Tutore ere izan zara. Ondo eraman al duzu tutore izatea? Gogoan al duzu bereziki talde zailen bat?
Ia urtero izan naiz tutore, eta gehienbat 2. Batxilergoan, azken urteotan. Gogorra da, ordu asko eskatzen ditu eta dedikazio handia eskatzen du… baina bestalde, nahiko betegarria eta atsegina da. Harremanak sendoagoak eta hurbilagoak dira. Tutore bezala talde guztiak dira ezberdinak baina zailik ez dut uste izan dudanik.
Zure ikasle izan garenok ikusi dugu nola botilarekin joaten zinen klasera, leihoan zirrikitu txikia utzi, arbelean hitzak laburtuta idatzi… betidanik izan dituzun mania txikiak al dira?
Ez, ez dira betidanik izan ditudanak. Botilarena mania zen, baina beharrezkoa, aztarrirako behar nuelako. Leihoko zirriztuarena oxigenoaren beharrak eragindako maniatxoa da. Eta arbelean asko idatzi behar zenean denbora aurrezteko egiten nuen hori.
Orain irakasle den norbaiti klasea eman al zenion? Zer moduzko ikaslea zen?
Orain lizeoko irakasle diren ia erdiak nire ikasle izandakoak dira. Gogoratzen ditut beraien batxilergoko ikasketetan eta denekin oso harreman ona izan nuen. Ikasle onak ziren, langileak eta oroitzapen onak ditut
Eskerrik asko eta osasuntsu bizi, Joxerra!

Iruzkinik ez " Elkarrizketa: Joxerra Aiastui"-(r)i
Jarraitu comment rss edo utzi Trackback-aLeave A Reply