Orrialde hauek eskaintzen diguten aukera aprobetxatu nahi dugu datozen urteetan Ikastolaren proiektua aurrera eramaten arduratu garen taldearen agurra familia guztiei luzatzeko.

“ Herri ekimenetik sortutako Ikastola gara eta euskal kulturarekin konprometitua eta, aldi berean beste kulturetara irekia. Etengabeko hobekuntzaren bidez, partaide guztien elkarlanean oinarrituz eta ikasle guztiak kontuan izanez, pertsona bezala bere osotasunean prestakuntzarik onena eskaini nahi dugu” .

Hor goian azaldu duguna Ikastolaren definizioa da, gure Ikastolaren xedea. Bertan, beste gauza batzuen artean elkarlana aipatzen da, eta horrela izan behar dela sinisten dugu, Ikastola osatzen dugunon artean, elkarrekin arituz lortuko dugulako Ikastolaren proiektua aurrera ateratzea.

Erronka handiak ditugu esku artean XXI. Mendeko Ikastola kalitatezko hezkuntza eskaintzen duen zentroa izan nahi badugu. Gizartean ematen diren aldaketak beti dira eskolak ematen dituenak baina azkarragoak, eta gizarteak eskatzen duenari erantzun nahi badiogu, arreta handiz begiratu behar diogu. Ikasle eleanitzak nahi ditugu, non euskara eta gaztelaniaz gain, ingelesa ere maila komunikatiboan menderatzen duten; ikasle konpetenteak, gizarteak eskatzen dizkieten ardurei erantzuteko gai izango direnak, teknologi berriak ondo eta modu egokian erabiltzen trebakuntza nahikoa dutenak; giza baloreetan hezitako ikasleak, errespetua eta tolerantzia elkarbizitzarako erreferentea erabiliko dutenak …

Hau guztia lortzeko denon inplikazioa eta kolaborazioa ezinbestekoa da, langile, ikasle eta familia, ELKARREKIN EGIN BEHARKO DUGU eta ziur gaude horrela izango dela.

ZUZENDARITZA TALDEA